UZEI | Agian aurten ikasi dituzun 16 hitz
2015ean barra-barra erabili diren hitzen zerrenda.
2015eko hitzak, 2015, hitz berriak, neologismoak, UZEI
1805414
post-template-default,single,single-post,postid-1805414,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,smooth_scroll,boxed
title

Agian aurten ikasiko zenituen 16 hitz

2015-12-16an argitaratua.

Urtero gertatzen den bezala, hainbat hitz berri ekarri dizkigu 2015ak ere; iaz egin genuen moduan (hemen), hitz berri horiek biltzeko saiotxoa egin dugu hemen. Jakina, den-denak ez dira berriak: batzuk lehendik ere erabilitakoak ziren, baina ahaztuak genituen aurten berriro barra-barra erabili diren arte; beste batzuk, aldiz, arlo espezializatuetan ez ziren berriak baina aurten izan dute komunikabide orokorretan jendaurrera agertzeko aukera. Bada, gainera, aurten “hil den” hitzik ere.

Egin dezagun bada urtearen laburpena, azken hamabi hilabeteek ekarri dizkiguten hitz aipagarri batzuk gogora ekarriz.

Seguruenik, askok aurtengo urtarrilean entzungo zuten lehen aldiz delitu zahar baten izena: duineztasun nazionala. Bigarren Mundu Gerrako kolaborazionistak zirela-eta Frantzian indarrean izandako delitu hura hizpide izan zen, terrorista frantsesei nazionalitatea kentzeko berriro indarrean jartzea proposatu baitzuen UMPk urtarrilean.

Laster izan genuen, gainera, beste delitu berri baten izena ikasteko aukera: espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Espainiako Alderdi Popularrak eta PSOEk otsailaren 22an sinatu zuten terrorismo jihadistaren aurkako ituna, eta, bertan, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezartzen zen beste neurri batzuen artean. Halere, PSOEk neurri hori Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoa iragarri zuen. Delitu berriaren definizioa jakin nahi duenak Euskaltermen aurten gehitu den sarrera berria kontsultatu besterik ez du.

Egia da aurtengo hitz berri asko politikari lotutakoak direla, baina ez guztiak; eta, zorionez, termino horiek guztiak ere ez dira delitu-izenak. Badira zientziak utzi dizkigunak ere. Esaterako, otsailaren 4an jakin genuen mineral berri bat aurkeztu zutela Bartzelonako Unibertsitateko zientzialari batzuk. Fontarnauita deitu zioten sodiozko eta estrontziozko gatz bikoitz aurkitu berriari. Esan zutenez, Ramón Fontarnau ikertzailearen omenez jarri zioten izena. Jakina, euskararako ere fontarnauita izendapena proposatu da Euskaltermen.

Espainiako Erizaintzaren Kontseilu Nagusiak Otsailaren 16an plazaratu zuen txostenean, berria ez bada ere azken aldian ezaguna egin zaigun hitz bat erabiltzen zen behin eta berriro: doula. Haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan amari informazioa eta laguntza emozionala eskaintzen dizkion laguntzailea dugu doula. Doulen ustezko intrusismoa ahotan ibili zuten ondorengo egunetan hainbatek.

Aurten esanahia aberastu duen beste hitz bat errepublikano izan da. Hau ere, jakina, ez da aurten sortutakoa. Baina, Nicolas Sarkozyren gidaritzapean, UMP alderdia “Les Républicains” deituko dutela jakin genuen martxoaren 12an. Irlandakoak eta Ameriketako Estatu Batuetakoak izendatzeko errepublikano hitza erabili izan dugu orain arte, eta aurrerantzean Sarkozyren alderdikideak izendatzeko ere erabiliko dugu.

Adierazpen-askatasuna edo informazio-eskubidea eragozten edo mugatzen duten legeak ere ez dira aurten asmatu, baina, Espainiako Diputatuen Kongresuan martxoaren 26an onartutako legearen harira, barra-barra zabaldu da aurten mozal-lege terminoa.

Prekariatu terminoa ere ez da gaur goizekoa: hamarkadan gero eta gehiago erabili izan da, baina murrizketek eta lan-erreformek puri-purian jarri zuten aurtengo maiatzaren 1ean, bereziki, The Precariat: The New Dangerous Class liburuaren egile Guy Standing ekonomialariaren eskutik. “Lan-baldintza prekarioetan eta etengabe ziurgabetasunari aurre eginez lan egiten duten langileek osatutako gizarte-klasea, gizarte-klase izatearen kontzientziarik ez duena” dela dio Euskaltermen aurten gehitu den sarrerako definizioak.

Hauteskundeak zirela-eta, maiatzean Madrilgo El Retiro parkeko uretan naumakia egitea proposatu zuen alkategai batek. Proposamenak zeresan handia eragin zuen sare sozialetan, eta batek baino gehiagok hiztegietara jo behar izan zuen alkategai hark itsasontzien arteko borroka-ikuskizunak egitea proposatu zuela jakiteko.

Ez dakigu aurrerantzean ere maiz ibiliko ote dugun naumakia ahotan. Horixe bera gertatzen zaigu pasakorrak izan daitezkeen eta aurten ikasi ditugun beste hitz batzuekin, esaterako, turker maileguarekin. Maiatzaren 11n ikasi genuenez, Amazonek plataforma bat eratua du (kasurik onenean, dolar-xentimo batzuen truke) makinek egin ezin dituzten informatikari-lan txikiak kontratatzeko eta eskaintzeko (adibidez, eskanerretik pasatutako errezeta batzuk transkribatzeko edo argazkiak eskuz etiketatzeko). Lan-baldintza ezin prekarioago horietan omen dabiltzanei sarean turker esaten zaiela ikasi genuen eskulan merke horren inguruko “Turking for respect” dokumentala hizpide izan zenean. XVIII. mendean Wolfgang von Kempelen-ek asmatutako xake-automata faltsuari eman zitzaion izen bera eman omen dio Amazonek plataforma horri: Mechanical Turker (‘turkiar mekanikoa’).

Maiatzaren 27an, Osasunaren Mundu Erakundeak ortorexiaren arriskuak azpimarratu zituen. Elikagaiak eskuratzeko arazorik ez dugun mendebaldeko gizarte honetan gero eta zabalduagoa omen dago ortorexia, hau da, ustez osasungarriak diren elikagaiak soilik jateko kezka neurrigabea.

Ekainaren 30ean jakin genuen eraikin publiko bati edo eskultura bati ateratako argazkia erabiltzeko eskubidea arautu nahi zutela Europako Parlamentuan. Panorama-askatasuna deitzen zaio eskubide horri, eta Frantzian jada arautua dago. Adibidez, Eiffel Dorrearen egile-eskubideak jada indarrean ez daudenez, dorreari egunez ateratako argazkiak erabil omen daitezke, baina ez gauez ateratakoak, argiztapenaren diseinuaren egile-eskubideak indarrean baitaude.

Migratzaileen krisiak ere utzi digu neologismo (eta eufemismo) berriren bat. Udatik bueltan irakurri genuen EBko herrialde batzuek erregistratze-esparruak eraikitzeko eskatu zutela, gerragatik eta goseagatik ihesi joandako milaka pertsona bertan sartzeko. Ordura arte, kontzentrazio-esparru terminoa ezaguna genuen. Askorentzat lotsagarria den termino berria gehitu zuen herritar batek baino gehiagok bere oroimen pertsonalean.

Udazkenak politikarien arteko eztabaida terminologiko bat ekarri zigun, hizpide izan baitzen komunikabideetan foru-nazioaren kontzeptua. Urkullu lehendakariak erabili zuen, Espainiarekin “foru-nazioa” errespetatuko duen aldebiko ituna lortu nahi zuela esan zuenean.

Gogoeta politiko sakonez gain, urteak utzi dizkigu hitz-joko arinagoak ere. Askok gogoratuko dute azaroaren 8an sare sozialetan barra-barra ibili zela euskaraz oso ulerterraza ez zen testua, “grina, ahalegin eta dulantziz beteriko” lasterketa baten ingurukoa. Gaztelaniako bertsioan, aldiz, “alegría” omen zegoen. Arabako herriaren euskal izena jarri zuten, antza, poztasunaren sinonimoa zelakoan.

Urteak hitz berriak ekarri dizkigu, bai, baina beste batzuk ere desagerrarazi ditu. Abenduaren 1ean, esaterako, agur esan zien Espainiako araudiak inputatuei. Prozedura Kriminalaren Legearen erreforma egun horretan sartu zen indarrean, eta, geroztik, ‘delitu batekin erlazionatuta egoteagatik auziaren instrukzioan ikertutako pertsona’ ez da inputatua izango, ikertua baizik. Aldiz, instrukzioa amaitutakoan, delitu batean parte hartu izana formalki egotzi zaionari auzipetu esango zaio. Akabo inputatuak, beraz.

Egun horretan bertan, abenduaren 1ean, beste izendapen bati agur esan genion; lehen Biltzar Nagusiak genituen Araban eta Batzar Nagusiak Gipuzkoan eta Bizkaian. Jada, Batzar Nagusiak dira hiru lurralde historikoetakoak. Aurrerantzean itzultzaileek buruhauste bat gutxiago izango dute, ez baitute halako bereizketak egiten ibili beharrik izango.

 

Beste albiste batzuk:

2014ak utzi dizkigun 34 hitz berri (eta ez hain berri)

Aurten ikasi ditugun 22 hitz berri eta 3 hitz zahar

No Comment

Post A Comment

Cookien erabilera

Legea betetzeko webgune honek cookieak erabiltzen dituela jakinarazten dizugu. Lege-oharra

ACEPTAR
Aviso de cookies