UZEI | Aurten ikasi ditugun 22 hitz berri eta 3 hitz zahar
2016ak ekarri dizkigun hitz berriak bildu ditu UZEIk.
2016, hitz, berriak, euskara, 2016ko, berri
2872921
post-template-default,single,single-post,postid-2872921,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,smooth_scroll,boxed
title

Aurten ikasi ditugun 22 hitz berri eta 3 hitz zahar

 

2016hitzak2

2016-12-13an argitaratua.

Tira! Agian, den-denak ez ditugu aurten ikasi, baina agian inoiz baino gehiago entzun ditugulakoan gaude.

1) 2015eko Eguberrietan ume askok jaso omen zuten patinete motordun berri horietako bat. Hain opari berritzaileak bi gauza deigarri utzi zizkigun: bata, behar bezala ahoskatzen erraza izango ez zaigun mailegua (hoverboard), eta, bestea, tramankuluarekin asmatu ezinik-edo ibili ziren haurrek izandako istripu, eroriko eta bestelako gorabeherak (patinetearen bateriak su hartzea eta bestelako txikikeria batzuk barne).

2) Eskerrak urte berriak hoverboard bezain pasakorrak ez diruditen hitzak ere utzi dizkigula. Esaterako, lanera itzuli eta egun gutxira, urtarrilaren 11n, jo eta ke ekin behar izan genion egun hartan bertan Euskaltzaindiak argitaratu zuen Hiztegi Batuaren bertsio berria aztertzeari. Ulertzekoa denez, gure eguneroko lanean ezinbestekoa zaigu Akademiaren azken arauetara lehenbailehen egokitzea. Forma ugari gehitu zituen bertsio horretan, eta, horien artean, zuzenketa bat ere bai. Huraxe ekarri dugu zerrenda/laburpen honetara: aurreko bertsioko anpere ampere bihurtu zen hiztegi berrian, abizen batetik eratorritakoa izateagatik. Hala zegoen, lehendik, Euskaltermen ere; hitz horrek, bederen, ez zigun eguneratze-lanik eman. Beraz, akabo betiko n-dun ampereak!

3) Badakizu: egin eta desegin, dena omen da zeregin. Agian horixe bera pentsatuko zuen ezkiotarren edo itsasoarren batek: frankismoan, 1965eko martxoaren 2an, gogoz kontra batu ziren Ezkio eta Itsaso herriak, eta, aurtengo urtarrilaren 15ean jakin genuenez, elkarrengandik banantzea erabaki zuten; beraz, euskal izendegietan egin beharreko moldaketa ekarri digu urteak.

4) Aurten ere (nola ez!) izan dugu sexuarekin lotura zuzena duen hitz (guretzat) berri bat: heteromalgu. Bro izeneko aplikazio bat egin dutela jakin genuen urte-hasieran, gizon heterosexualekin sexua izan nahi duten gizon heterosexualentzat. Eta, bai, dagoeneko asmatuko zenuenez, gizon horiek beren burua heteromalgutzat omen dute, Angel Errok idatzi zuenez.

5) Ekialdetik beste hitz berri bat iritsi zitzaigun; berria, behintzat, Japoniako abelazkuntzan aditu ez garenontzat. Jakin bagenekien Kobe hirian izen handiko eta prezio garestiko idi-haragia ekoizten zela, baina ideiarik ez idia zein arrazatakoa zen. Bada, wagyu du izena idi-arraza japoniar horrek: halaxe esan zuten Arabako Saenz Horeca enpresa haragi-mota hori ekoizten hasi berria zela jakinarazi zutenean.

6) Zientziaren inguruko albisteek ere ia denon ahotan jartzen dituzte gehienok bestela gutxitan erabiliko genituzkeen hitzak. Hona adibide bat: Albert Einsteinek iragarri bezala, grabitazio-uhinak badirela frogatu du aurten ikertzaile batek, eta aurkikuntzak zeresan ugari eman zuen. Orduan esan zutenez, AEBko bi zentrok detektatu zituzten uhin horiek 2015eko irailaren 9an.

7) Ez esan rigodoi hitza ere maiz entzuten dugunik. Aurten, ordea, beste hainbat hitz zaharkituren artean huraxe bota zuen Mariano Rajoyk Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchez presidente izendatzeko egin zuten lehen saioan. Eta horrek, jakina, sare sozialetan-eta zeresana eragin zuen. Batek baino gehiagok hiztegira jo behar izan zuen adiera ezagutzeko.

2016hitzak_28) Rigodoiaz eta XVI. edo XVII. mendeko beste edozein dantzaz baino askoz gehiago hitz egiten da azken bolada honetan antibiotikoen gehiegizko erabilerak sor ditzakeen arazoez. Europako Parlamentua aztertzen ari den neurrien harira, hizpide izan ziren bakterio multirresistenteak. Euskaltermen ere aurten sartu da termino hori.

9) Hitz berriek, batzuetan, loraldi bat baino gehiago ere izan ditzakete urte berean. Esaterako, apirilean albiste izan zen aurrerago (urte-amaieran) berriro askok ahotan ibiliko genuen ibilgailu-mota bat. Espainiako Gobernuak trafiko-araudia aldatu zuela jakin genuen orduan, eta kamioi handiagoei bidea ireki ziela: 25 metro eta 60 tona eduki ahalko zutela iragarri zen apirilean. Eta, hara! Handik puska batera, azaroan, hortxe ibili zen megakamioi bat Zangozarako bidean.

10) Zerrenda honetan jaso dugun hurrengo hitz berri-antzekoa ere gurpil gainean iritsi zitzaigun. Unibertsitate batek egindako ikerketaren ondorioak ikusita, heelys edo zapatila gurpildunak debekatzeko eskatu zuten podologoek, halakoak gehiegi erabiltzea umeen osasunerako kaltegarria izan daitekeelakoan, bai epe motzean bai luzean.

11) Maiatzak gurera ekarri zuen, ordura arte oso ezaguna ez izan arren, atzerriko zenbait sistema politikotan goi-agintariak kargugabetzeko erabiltzen den prozeduraren izena: Brasilgo presidente Dilma Rousseff kargutik kentzeko ahalegina zela-eta, impeachmenta hizpide izan zen komunikabideetan hainbat egunez.

12) Urtero izaten da kalte ekologiko handiak eragiten dituen zorigaiztoko gertaeraren bat. Aurten ere, jakina, izan da halakorik. Europako pneumatiko-biltegi ilegal handiena Espainian zegoela jakin genuen Seseñako biltegiak su hartu zuenean edo, nahiago bada, su eman ziotenean. Sutean ehunka tona HAP edo hidrokarburo aromatiko polizikliko aireratzen ari zirela salatu zuten ekologistek orduan. Termino hori ez da berria: Euskaltermen, esaterako, 2009an jaso zen, Ingurumen Hiztegi Entziklopedikoan. Baina aurten maiz izan da hizpide Seseñako sutea zela-eta.

13) Ezin daiteke esan zerrenda honetako hurrengo hitza ere berria denik. Baina ekainean zeresan handia eman zuen Alderdi Popularrak hauteskunde-kanpainako lelo gisa erabili zuen hitzak: alde. Gaztelaniazko bertsioak a favor zioen, baina batek baino gehiagok alde eginen parekotzat jo zuen leloa. Alderdi Popularrak “Euskaltzaindiaren azalpena” jarri zuen sare sozialetan: “Norbaiti nonbaitetik alde egin dezan agintzeko hitza. (…) Ohartu horrela baliatzeko, harridura-marka eraman behar duela” (alegia, alde!).

14) Urteak alde baino hitz berriagoak utzi dizkigu, noski. Uda ondoren SIM txartelen ordez SIM birtualak edo eSIMak erabiltzen dituen teknologia ezartzen hasiko zirela iragarri ziguten. Euskaltermen ere geroztik sartu da sarrera berria.

2016hitzak_3115 (eta 16, 17, 18) Ekainean beste lau hitz berri izan genituen hizpide, taula periodikoko azken lau elementuak nola izendatu erabakitzen ari zirela jakin baikenuen. Ingelesezko behin betiko izenak finkatu zituztenean (alegia, duela egun gutxi) sartu ziren Euskaltermen ere nihonio, moskovio, teneso eta oganeson sarrera berriak.

19) Hitzak hil ez dira hiltzen, baina haiek erabiltzeari uzten diogu: aurten agur esan diegu VHS irakurgailuei, halakoak egiten zituen azken etxeak ez baititu aurrerantzean fabrikatuko. Eta, beraz, badirudi termino hori ere gero eta gutxiago erabiliko dugula aurrerantzean.

20) Ezpel-sitsa iazko abuztuan agertu zen lehen aldiz, Irunen. Ezpelaren izurri berri hori albiste izan da berriro aurten, Irungo udalak udan deia egin baitzuen lorategiak zituztenek izurria kontrolatzeko ahalegina egin zezaten. Dagoeneko Donostian ere agertu omen da izurria. Euskaltermen sarrera berria du.

21) Phelps igerilaria Olinpiar Jokoetan ikusi bazenuen, agian gogoan izango duzu sorbaldan orban-moduko batzuk zituela. Cupping hitza ikasi genuen Phelpsekin, mina kentzeko bentosen bidez egiten den terapia hori erabiltzen zuela esan zutenez.

2016hitzak_422) Ez dakigu cupping barra-barra erabiliko den aurrerantzean, ez baita erraza hitz berri batek zer arrakasta izango duen iragartzea. Tira! Batzuetan, bai; susma dezakegu ez dela asko erabiliko, nekez entzungo dugula hitz bat albiste berri batean. Esaterako, ez dugu uste aurten Kolonbiako gobernuaren eta FARCen artean hitzartu den bake-ituna sinatzeko erabili duten bolalumari eman zaion izena askotan entzungo dugunik berriro: balez egindakoa zenez, balígrafo deitu zuten, antza, Kolonbian, eta Angel Errok (berriro!) egoki euskaratu zuen tramankuluaren izena: balaluma.

23) Zerbait debekatu nahi denean, kontrakoa lortzen da batzuetan: ezagunago egitea. Horixe gertatu da Estatu Batuetan drogen aurkako gobernu-agentziak modan omen dagoen kratom landare thailandiarra debekatu nahi zuela esan zenean. Ez omen da behar bezala ikertu, baina gizakiarentzat arrisku handikoa omen da kratoma. Eta, bai, albistearen bidez izan genuen askok droga horren berri.

24) Beste batzuetan, albiste batek ezagutarazten duen hitzak berria dirudi gehienontzat, baina gertu dugun herriren batean denek erabiltzen dute. Horixe gertatu da aurten, adibidez, barbalada hitzarekin. Hondarribian arrain-sardek itsasoan egiten duten distira fosforeszentea izendatzeko erabiltzen omen da. Barbalada izeneko pintxoak irabazi du Donostian egin den pintxo-txapelketa, eta horrek hitza ezagun egin du denontzat.

25) Ezin zerrenda hau amaitu egia-oste famatua aipatu gabe. Inork gutxik iragarriko zukeen iaz, baina Donald Trump hautetsi zuten Estatu Batuetako presidente. Horrek eta beste zenbait gorabeherak inoiz baino erabiliago egin dute aurten egia-oste hitza. Eta horrexegatik hautatu du Oxford hiztegiak urteko hitz. Ezin, beraz, hemen ere aipatu gabe utzi.

Bide batez, aurreko urteetan plazaratu genituen zerrendak irakurri bazenituen, jada jakingo duzu, baina, badaezpada, berriro esango dugu: gogoan izan zerrenda honek urtean zehar gure arreta erakarri duten hainbat hitz berri, berri-antzeko eta zaharren bat edo beste gogora ekartzea beste asmorik ez duela; ez hartu, beraz, estuegi. Eta, goiz bada ere… urte berri on!

 

Beste albiste batzuk:

Agian aurten ikasiko zenituen 16 hitz

2014ak utzi dizkigun 34 hitz berri (eta ez hain berri)

No Comment

Post A Comment

Cookien erabilera

Legea betetzeko webgune honek cookieak erabiltzen dituela jakinarazten dizugu. Lege-oharra

ACEPTAR
Aviso de cookies