Terminologia-gailurra bi urtean behin egiten da leku desberdin batean. Ekitaldi honetan terminologiaren arloan lan egiten duten organismo eta erakundeak biltzen dira, Europar Batasunaren markoan terminologiaren eta eleaniztasunaren aldeko plataforma bat finkatzeko helburuarekin. Oraingo honetan Donostian izango da terminologia-gailurra, 2018ko azaroaren 22an eta 23an.

Azken edizioa Luxenburgon egin zen, Europako Parlamentuan, 2016ko maiatzaren 14an eta 15ean, TermCoord-ek antolatuta Europako Terminologia Elkartearekin (EAFT) lankidetzan. Terminologiaren arloan lan egiten duten Europako erakunde eta sare nagusiak bildu ziren gailurrean, eta ordura arte egindako lan terminologikoaren “ikuspegia eta berrikuspena” izan zen gai nagusia; hau da, terminologiaren etorkizunari begiratu zitzaion gailur horretan, haren iragana berrikustearekin batera.

Euskarazko lan terminologikoa sustatu eta jakinarazteko asmoz, UZEIk hizlari gisa parte hartu izan du aurreko edizioetan. Oraingoan hizlari izateaz gain, antolatzaile ere izango da UZEI.