Aurkezpena

EAFTren terminologia-gailurra

Donostia, 2018ko azaroaren 22a eta 23a

Terminologia-gailurra bi urtean behin egiten da leku desberdin batean. Ekitaldi honetan terminologiaren arloan lan egiten duten organismo eta erakundeak biltzen dira, Europar Batasunaren markoan terminologiaren eta eleaniztasunaren aldeko plataforma bat finkatzeko helburuarekin.

Azken edizioa Luxenburgon egin zen, Europako Parlamentuan, 2016ko maiatzaren 14an eta 15ean, TermCoord-ek antolatuta Europako Terminologia Elkartearekin (EAFT) lankidetzan. Terminologiaren arloan lan egiten duten Europako erakunde eta sare nagusiak bildu ziren gailurrean, eta ordura arte egindako lan terminologikoaren “ikuspegia eta berrikuspena” izan zen gai nagusia; hau da, terminologiaren etorkizunari begiratu zitzaion gailur horretan, haren iragana berrikustearekin batera.

Euskarazko lan terminologikoa sustatu eta jakinarazteko asmoz, UZEI oso parte-hartzaile aktiboa izan da beti honakoa bezalako gailurrak antolatzen, eta ekarpen garrantzitsuak egin izan ditu gailur horietan. Aurtengo gailurra UZEIrekin lankidetzan antolatu du EAFTk.

2018ko gailurraren gaia

EAFTren terminologia-gailurraren aurtengo gaia honako hau da: “3M4Q: Making, Managing, Measuring Terminology. In the pursuit of Quality”.

Lan terminologikoan, beste hainbat lan-jardueratan bezala, ezinbestekoa da egindako lanaren  kalitatea eta arrakasta ziurtatzea eta lan horren emaitzak zein puntutaraino arrakasta izan duen neurtzea.

Zerbitzu eta produktuetan kalitatea bermatzeko, zein dira lan terminologikoaren kalitatea ziurtatzeko erabil daitezkeen baliabide, prozedura eta oinarriak ?

Zein da  modurik eraginkorrena eta egokiena, azken erabiltzaileek terminologiaren garrantziaz kontzientzia har dezaten ?

Zein agertoki berritara eramango gaituzte teknologia berriek eta sare sozialek, eta zein izango dira teknologia eta sare berri horien ekarpenak? Nola neurtu  terminoen arrakasta?

Galdera horiei erantzuteko, hizlariek beren ekarpenak azalduko dituzte sei saiotan. Hitzaldi bakoitzaren ondoren galde-erantzunetarako tarte bat izango da.

1. saioa: TERMINOLOGIA-LANAREN PLANGINTZA

Zein dira terminologiaren sorkuntza informaletik sorkuntza planifikatura eramaten duten urratsak?

Saio honetan hizkuntza desberdinen beharrak aztertuko dira (hizkuntza minorizatuenak barne), bai eta hizkuntza horientzat eskuragarri dauden baliabideak ere.

  • Zein da normalizazioaren eragina terminologiaren kalitatean eta arrakastan?
  • Nola ezar daitezke normalizazio-prozesuan kalitatea bermatzeko irizpideak?
  • Plangintza linguistikoaren ikuspegitik begiratuta, normalizazio linguistikoaren prozesuan inplikatutako eragileek duten garrantzia.
  • Terminologiaren bilakaera plangintza linguistikoan: egun oso zabalduak dauden aitzindarien praktika eredugarriak.
  • Etorkizunari begira. Erronka berriak: normalizazioa eta teknologia berriak, normalizazioa eta erabilera…

 

2. saioa: TERMINOLOGIA-LANAREN METODOLOGIA (I)

Zein da abiapuntua terminologoarentzat? Saio honen helburua da sorkuntza terminologikoaren prozesua aztertzea eta lan-prozesuetan balioa erantsi dezaketen faktoreak detektatzea.

  • Nola berma daiteke terminoen  kalitatea hiztegigintzan?
  • Nola berma daiteke kalitatea terminoen sorkuntzan (arauak, prozedurak, adituak, corpusak, tresnak, eta abar)?
  • Sare sozialak eta terminologia korporatiboa abiapuntu izan daitezke kalitatea ziurtatzeko?

 

3. saioa: TERMINOLOGOAREN EGINKIZUNAK

Terminologia lantzen duten agenteek rol desberdinak izan ditzakete prozesu terminologikoan, eta bere prestakuntza-maila alda daiteke. Saio honen helburua hurrengo galderei erantzutea da:

  • Zein izan beharko litzateke terminologoaren rola? Terminologoak terminoak arautzeko edo agintzeko ahala izan beharko luke edo erraztaile moduan jokatu beharko luke? Nolakoa izan beharko litzateke terminologoen eta adituen arteko lankidetza?
  • Alde horretatik, zer garrantzi du terminologia lantzen duten agenteen hezkuntzak? Eta terminologia-erabiltzaileen (itzultzaile eta interpretatzaileak, idazle teknikoak, kazetariak, eta abar) prestakuntzak?

 

4. saioa:  TERMINOLOGIA-LANAREN METODOLOGIA (II)

Nola lagundu dezakete terminologiaren kudeaketa aurreraturako diseinatutako tresnek, terminologoen eta adituen arteko lankidetza eraginkorra sortzeko?

Terminologoen artean adostasuna dago: terminologoen eta adituen arteko lankidetzarako metodologia eraginkorrik ez dago ezarrita.

Terminologia aurreratuaren kudeaketarako diseinatutako tresnen ekarpena erabilgarria litzateke, ez bakarrik lankidetzarako metodologia hori ezartzeko, baizik eta lan terminologikoaren koherentzia bermatzeko ere bai.

Bestalde, kudeaketa terminologikoa beharrezkoa da tresnak garatzeko, hala nola itzulpen-memorietako terminologia kudeatzeko eta erauzteko, edo itzulpen automatikorako….

 

5. saioa: TERMINOLOGIAREN ZABALKUNDEA

Terminologoen lana erabiltzaileengana iristea garrantzitsua den moduan, agenteak, prozedurak eta informazio-transferentzia errazteko egon daitezkeen faktoreak identifikatzea, erabakigarria izan daiteke terminologiaren arrakasta ziurtatzeko.      

Helburu horretara heltzeko, bereziki kontuan hartu beharrekoa da teknologia berriek egin dezaketen ekarpena.

  • Terminologiaren sozializazio eraginkorra ziurtatzeko era posibleak.
  • Banaketa terminologiko aktiboa eta banaketa terminologiko pasiboa.
  • Eremu zehatz bateko terminologiaren ezarpenean eta hedapenean erabakigarriak izan daitezkeen agenteak nola identifikatu. Haietan nola eragin.
  • Nola identifikatu terminologiaren hedapenean eta ezarpenean eremu jakin batean ezinbestekoak izan daitezkeen eragileak.
  • Sare sozialen eta teknologia berrien ekarpenak

 

6. saioa: TERMINOEN ARRAKASTA NEURTZEKO BIDEAN

Terminoen erabilerak islatzen du zein mailatan izan duten arrakasta proposamen terminologikoek.

Terminoaren arrakasta, proposamenaren kalitatearen adierazgarri izan daiteke. Terminoen erabilera neurtzeko erak aztertuko dira.

  • Nola neur daiteke terminologiaren erabilera?
  • Zein da proposatutako terminologien arrakasta-maila normalizazio prozesuetan?
  • Lagun dezake terminometriak normalizazio-prozesuetan? Nola egin dezake?

Lekua

Donostiako Kursaal Kongresu Jauregia

kursaal2

Kursaaleko bilera-aretoak

Antolatzaileak

Europako Terminologia Elkartea (EAFT)
UZEI, Euskal Terminologia eta Lexikografia Zentroa

Data garrantzitsuak

Gailurra: azaroak 22 eta 23
EAFTren Batzar Nagusia: azaroak 22
Tabakalerara bisita eta afaria: azaroak 22
Nazioarteko Terminologia Sariak: azaroak 23

Lotutako ekitaldiak

Nazioarteko Terminologia Saria

Gailurrean zehar emango dira Nazioarteko Terminologia Sariak. Ikerketa terminologikoaren arloan egindako lan onenak saritzen dira, master-mailakoak zein doktorego-mailakoak. Sariak bi urtean behin ematen ditu EAFTk, nazioarteko ospea duten adituz osatutako nazioarteko epaimahai baten epaia aintzat hartuta.

EAFTren Batzar Nagusia

Urteko Batzar Nagusia Terminologia Gailurrean zehar egingo da.