UZEI | Hemen da LibreOffice-rako zuzentzaile eguneratua
Berariaz euskararentzat garatutako softwarea darabilen LibreOffice-rako lehen euskal zuzentzailea da Hobelex.
Hobelex, LibreOffice, zuzentzaile eguneratua, euskara, zuzentzailea, ortografikoa, lexikoa
2475955
post-template-default,single,single-post,postid-2475955,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,smooth_scroll,boxed
title

Hemen da LibreOffice-rako zuzentzaile eguneratua

Berariaz euskararentzat garatutako softwarea darabilen LibreOffice-rako lehen euskal zuzentzailea aurkeztu du UZEIk.

 

Zergatik LibreOffice?

 

2014an garatu genuen HOBELEX, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea, euskara zuzen eta eguneratuan idazteak hizkuntzaren normalizaziorako duen garrantziagatik.

Baliabide mugatuak genituen horretarako, eta, ahalik eta erabiltzaile gehienengana lehenbailehen iristeko, Microsoft Office-rako plugina garatu genuen. 15.000 deskarga izan ditu geroztik, eta erabiltzaileek harrera bikaina egin diote. Harekin batera eskaini genuen online bertsioa, edozein sistema eragilerekin doan erabil daitekeena eta www.hobelex.eus helbidean dagoena.

 

Agindu genuena bete dugu

 

Harro gaude 2014an kaleratu genuen zuzentzailearekin, baina ez zen aski erabiltzaile guztiengana iristeko. Software libreko eta doako office-pakete erabiliena eta ezagunena da LibreOffice. Horregatik, HOBELEX aurkeztu genuen egunean bertan hitzeman genuen LibreOffice-rako ere garatuko genuela plugin berria, Microsoft Office erabiltzen ez duen euskaldun ugarik eskatu baitzigun orduan haientzako moduko zuzentzailea garatzeko.

Hitzemandakoa bete dugu orain, eta sarean jarri dugu plugin berria.

Beraz, LibreOffice bulegotikarako suite-arekin lan egiten badugu, Windows, MacOSX eta Linux sistema eragileetan erabili ahal izango dugu gaurtik aurrera HOBELEX, doan.

 

Euskara ez da hungariera

 

Bai, egia da, ezin izan dugu LibreOffice-rako plugina nahi izan dugun bezain azkar kaleratu: lanak eman dizkigu bertsio berria garatzeak. UZEIn euskararekiko dugun konpromisoari eutsiz, bertsio berri hau errazago garatzeko har genitzakeen lasterbide batzuk baztertu, eta HOBELEXen zuzentasunari lehentasuna ematea erabaki genuen hasiera-hasieratik.

Badakigu erabiltzaileek ere lehenik eta behin zuzentasuna eskatzen diotela zuzentzaile bati: logikak hala esaten zigun, eta hala berretsi ziguten gure zuzentzailea hobetzeko egin genuen inkestari erantzun zioten erabiltzeen gehiengo handi batek.

Horregatik, hain zuzen ere, ez dugu erabili Hunspell motor ezaguna, jatorrian hungarierarentzat garatu zena, eta zenbait zuzentzailek, euskararako ere bai, erabiltzen dutena. Izan ere, euskara ez da hungariera. Orduan, zergatik erabili hungarierarentzat sortutako baliabide bat euskarak behar zuen zuzentzailea garatzeko? UZEIn badakigu bide luzeena aukeratzea nekezagoa dena, baina emaitza ikusita badakigu asmatu duguna.

Horrela, aurkeztu berri dugun zuzentzailea euskararentzat berariaz garatutako teknologia erabiltzen duen LibreOffice-rako lehen zuzentzailea da, eta teknologia hori UZEIk garatu du, gainera. Labur esateko, gaur arte LibreOffice-k, euskararentzat mugak dituen Hunspell motorra erabiltzen zuen. Hemendik aurrera euLEMArekin erabili ahal izango da, horixe baita UZEIk garatutako tresna.

Hori bai, erabiltzaileak desautatu egin beharko du lehenetsita datorren Hunspell motorra, eta HOBELEX hautatua utzi behar du.

Hunspell desautatu eta Hobelex soilik utzi: zuzentasuna helburu

Hunspell desautatu eta Hobelex utzi: zuzentasuna helburu

Erabiltzaileak nabarituko ditu aldaketa horrek ekarriko dizkion abantailak: ortografia eta lexikoa zuzentzeko proposamen zehatzagoak eta pertinenteagoak egiten baititu HOBELEXek. Erabiltzaileak, beraz, ez ditu alferrikako aukerak banan-banan baztertu beharko zuzenketa egokia aukeratu (eta, zenbaitetan, asmatu) ahal izateko. Azkarrago zuzentzen lagunduko dio horrek, HOBELEX argia, zehatza eta egokia baita.

Gainera, sareko eta Microsoft Office-rako bertsioekin egin ohi dugun bezala, etengabe eguneratuko dugu. 2014ko urrian, euskarako lehen lexiko-zuzentzailea kaleratu genuenean, 117.806 sarrera zituen euLEXek, HOBELEXen oinarrian dagoen datu-baseak. Gaur 143.000 sarrera ditu. % 21 egin du gora! Euskaltzaindiaren arau guztiak eta Terminologia Batzordearen azken erabakiak kaleratu orduko biltzen ditugu, baina testuen unibertsoa askoz ere zabalagoa da, eguneroko jardunean sortzen dira hitz berriak, izen propioak eta bestelakoak, eta horiek egunero jasotzen ditugu euLEXen, bai eta forma okerretatik zuzenetara bidalketa egin ere, erabiltzaileari lanak erraztu eta ahalik estaldura osoena eskainiz.

Azken eguneratze “handia”, adibidez, aurtengo urtarrilean egin genuen, Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan 1.353 forma berri arautu zituenean, baina ez da hori bakarra, araugintzan hala izan bada ere. Idomeni, Daesh, Arcelor, Orlando, Puigdemont… horiek Euskaltzaindiak arautu ez baditu ere, beharrezkoak ditugu eguneroko langintzan, eta zuzentzaileak ezagutu egin behar ditu, nekagarria baita testu bat alferrikako azpimarra gorriz ikusi behar izatea.

Nola zuzentzen du LibreOffice-rako HOBELEXek?

 

Argiago, mezu ulerterrazagoekin:

ARGIAGO

.

Zehatzago, proposamen egokiagoekin:

Zuzenago, proposamen eguneratuekin:

1995eko uztailaren 28an arautu zuen Euskaltzaindiak Aljeria. Zergatik jarraitu 21 urte geroago Algeria idazten?

LAGIN GISA, ADIBIDE BAT:

 

Jatorrizko testua:

Bozeramaleak esan duenez, asko dira 2015etik zeharkaldia egiteko zain dauden lagunak, betirako aldegiten saiatzen direnak, atzerabueltarik gabe. Amnistia Internazionalak oharrarazi du zernolako tratua ematen zaien errefuxiatuei: “dardar egiteko modukoa da”. Sahelen ia milioi bat lagun daude iparralderako bideari ekiteko zain; Senegalen, Mauritanian, Malin, Argelian, Nigerren, Chaden, Sudanen eta Eritrean. Europak ezikusiarena egiten dio.

HOBELEXen emaitza:

Bozeramaleak esan duenez, asko dira 2015etik zeharkaldia egiteko zain dauden lagunak, betirako aldegiten saiatzen direnak, atzerabueltarik gabe. Amnistia Internazionalak oharrarazi du zernolako tratua ematen zaien errefuxiatuei: “dardar egiteko modukoa da”. Sahelen ia milioi bat lagun daude iparralderako bideari ekiteko zain; Senegalen, Mauritanian, Malin, Argelian, Nigerren, Chaden, Sudanen eta Eritrean. Europak ezikusiarena egiten die.

=> 11 forma markatu ditu eta guztietan proposamen egokia eman du.

HUNSPELLen emaitza:

Bozeramaleak esan duenez, asko dira 2015etik zeharkaldia egiteko zain dauden lagunak, betirako aldegiten saiatzen direnak, atzerabueltarik gabe. Amnistia Internazionalak oharrarazi du zernolako tratua ematen zaien errefuxiatuei: “dardar egiteko modukoa da”. Sahelen ia milioi bat lagun daude iparralderako bideari ekiteko zain; Senegalen, Mauritanian, Malin, Argelian, Nigerren, Chaden, Sudanen eta Eritrean. Europak ezikusiarena egiten dio.

=> 7 forma markatu ditu (horietatik bi zuzenak dira: 2015etik eta Sahelen), eta proposamenak, asmatu dituenean (adibidez, Argelian Algerian-era bidaltzen du, eta euskal forma egokia Aljerian da), beste aukera batzuekin batera eskaintzen ditu. Eta okerrak diren edo hobe daitezkeen 6 forma ez ditu markatu.

Testu zuzena, HOBELEXekin zuzendua:

Bozeramaileak esan duenez, asko dira 2015etik zeharkaldia egiteko zain dauden lagunak, betiko alde egiten saiatzen direnak, atzera-bueltarik gabe. Amnistia Internazionalak ohartarazi du zer-nolako tratua ematen zaien errefuxiatuei: “dar-dar egiteko modukoa da”. Sahelen ia milioi bat lagun daude iparralderako bideari ekiteko zain; Senegalen, Mauritanian, Malin, Aljerian, Nigerren, Txaden, Sudanen eta Eritrean. Europak ez ikusiarena egiten dio.

2016-06-22an argitaratua.

Beste albiste batzuk:

Hobelex, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea

No Comment

Post A Comment

Cookien erabilera

Legea betetzeko webgune honek cookieak erabiltzen dituela jakinarazten dizugu. Lege-oharra

ACEPTAR
Aviso de cookies