1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Meteorologiari buruzko euskarazko terminologia eguneratua Euskalmeten eta UZEIren eskutik

Meteorologiari buruzko euskarazko terminologia eguneratua Euskalmeten eta UZEIren eskutik

berriak, Terminologia, UZEI

2017-03-23an argitaratua

Euskalterm Terminologia Banku Publikoan kontsultagai egon da azken urteotan UZEIren Meteorologia Hiztegia. Hiztegi hori goitik behera berrikusi eta eguneratu berri du Euskalmeteko eta UZEIko adituek eratutako lantaldeak, eta emaitza www.euskadi.eus/euskalterm helbidean kontsulta daiteke.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Eguzkiñe Iturrioz EuskalmetTecnaliako meteorologoak eta Begoña Arrate UZEIko terminologoak gaur Donostian aurkeztu duten lan honen abiapuntua UZEIk 1991. urtean argitaratu zuen Meteorologia Hiztegia izan da.

Meteorologia euskaraz: iragana eta oraina

 

Meteorologia Hiztegia osatzeko lanetan aditu gisa UZEIrekin lankidetzan aritu ziren unibertsitateko zenbait irakasle (besteak beste, Iñaki Antiguedad), baita Jose Ignacio Usabiaga eta Pello Zabala meteorologoak ere. Azken hori meteorologian aditua izateaz gain erreferente nagusi zen gaiari buruzko euskarazko dibulgazioan.
UZEIk egindako hiztegi guztiak bezala, Meteorologia Hiztegia kontsultagai dago Euskalterm Terminologia Banku Publikoan. Edonola ere, eguneratze-lan hori beharrezkoa zen, bai alderdi teknikotik eta bai euskararen aldetik gauzak asko aldatu direlako azken 26 urteetan.
UZEIk eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako kontratuaren ondorioz, UZEIk Euskalterm elikatzeko hiztegi terminologikoak sortzeaz gain, aurrez sortutakoak eguneratzen ditu aldian-aldian. Prozesu horretan, hiztegi terminologiko bakoitzaren edukia alderdi teknikotik eguneratzearekin batera, hiztegia sortu zen garaian proposatu ziren euskarazko ordainek gizartean egin duten bidea aztertzen da. Horretarako, kasuan kasuko gaiaren erabiltzaile nagusiekin batera ekiten zaio euskarazko ordainak eguneratzeari eta bateratzeari.
Eguneratu beharreko Meteorologia Hiztegia 1.795 fitxa terminologikok osatzen zuten, eta fitxa horietako bakoitzak termino bakoitzaren euskarazko, espainierazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ematen zituen. Bestalde, termino gehienak (% 80 inguru) definituak ematen zituen, eta fitxa terminologikoak azpisailetan sailkatu gabe zeuden bertan.

Zergatik eguneratu? «Itsaskia», «itsaski handia» eta «sagailoa», adibide gisa.

 

Baina zergatik eguneratu behar zen meteorologiari buruzko euskarazko terminologia? Eguneratze-lanaren beharra hobeto ulertzeko har dezagun adibide bat: Meteorologia Hiztegia osatu zen garaian itsasoaren egoera deskribatzeko erabiltzen zen irizpidea aldatu egin da azken urteetan.
Bestalde, euskarazko «sagailo» ordainak (beheko irudian ezkerreko zutabean urdinez nabarmenduak) garai hartan 0,8 eta 2,2 m arteko itsasoaren egoera (gaztelaniaz «marejada» esaten zitzaiona) adierazteko proposatu zenak, ez zuen arrakasta handirik izan.
Aipatutako guztiaren ondorioz, beheko irudian adierazitako aldaketak egin genituen kasuan kasuko meteorologiako fitxa terminologikoak eguneratzean:

Horrela, gaur egun Euskaltermen «sagailo» bilatuz gero «itsaski»ren sinonimo gisa aurkituko dugu, gaur egungo irizpidearen arabera definitua:

Sarrera batzuk ezabatu, beste batzuk gehitu

 

Zenbait fitxa ezabatu ere egin dira. Zaharkituak geratu diren terminoei zegozkienak, nagusiki. Esaterako, «arrisku-mezu», «emankizun erregular», «trumoi-ekaitzei behatzeko estazio», «ausazko iragarpen»Eta, aldiz, zenbait fitxa gehitu egin dira, azken urteetan sortu diren kontzeptuei dagozkienak, bereziki: «ziklogenesi leherkor», «berehalako iragarpen»

Alderdi teknikotik hiztegia eguneratzeaz gain (hutsuneak betez, zaharkituak geratu diren kontzeptuak ezabatuz, eta abar), funtsezkoa zen lan horren bidez Euskalmetek erabiltzen duen euskarazko terminologia eta Euskaltermen jasotako meteorologiari buruzko terminologia bateratzea. Eta hori guztia Euskaltermen barne-koherentzia mantenduz eta Euskaltzaindiaren arauei eta gomendioei jarraituz egitea, noski. Euskarazko ordainen proposamenak Euskaltzaindiaren arau eta gomendio horiekin bat zetozen aztertzeko funtsezkoa izan da UZEIk lexikoa egiaztatzeko garatutako teknologia.

Bestalde, jatorrizko fitxa terminologikoen espainierazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak eta definizioa eguneratu nahi ziren, eta fitxa terminologikoak sailkatu egin nahi ziren.

Informazio osagarria:

   Aurkezpena [PDFa]

Begoña Arrate terminologoari elkarrizketa, Euskadi Irratiaren Mezularia irratsaioan: