1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. C hepatitisari buruz hitz egiteko glosarioa

C hepatitisari buruz hitz egiteko glosarioa

berriak, Terminologia

Gaur Hepatitisaren Mundu Eguna dela-eta, “C Hepatitisaren glosarioa” kaleratu du UZEIk.

Azkenaldian komunikabideetan zeresan handia eman du C hepatitisak. Euskaraz ere C hepatitisari eta haren tratamendu medikoei buruz hitz egiteko beharrezkoak diren oinarrizko hitzak biltzea du helburu zerrenda honek. Terminoak lau hizkuntzatan jaso dira: euskaraz, espainieraz, frantsesez eta ingelesez.

Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, gaur egun 130-150 milioi lagunek dute C hepatitis kronikoa, eta horien artean, kopuru adierazgarri batek gibeleko minbizia edo zirrosia garatuko du.

Behin pazienteari C hepatitis kronikoa diagnostikatu zaionean, infekzioaren ondoriozko gibeleko erasana (fibrosia edo zirrosia) zein estadiotan dagoen jakiteko gibeleko biopsia edo bestelako test batzuk egiten zaizkio.

Gainera, C hepatitisaren birusaren genotipoa ezagutzeko testak egin behar izaten dira. Guztira, CHBaren sei genotipo daude, eta pertsona berak genotipo batek baino gehiagok sortutako infekzioa izan dezake, baita beste birus batzuek sortutako koinfekzioa ere (giza immunoeskasiaren birusak, adibidez).

Gaur egun, C hepatitis kronikoa duten pazienteei interferon pegilatua eta erribabirina konbinatzen dituen tratamendua ematea gomendatzen du OMEk.

Gorriz markatutako oinarrizko termino horiek eta beste batzuk biltzen dituen glosarioa deskargatzeko, egin klik beheko irudian.

chepatitisarenglosarioa

2015-07-28an argitaratua.