1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Euskaltzaindiak eta UZEIk lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute

Euskaltzaindiak eta UZEIk lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute

berriak, UZEI

Lankidetza areagotu eta lan-ildo berriak irekiko ditu hitzarmenak.

Sare sozialetan ere lankidetzan arituko dira aurrerantzean Euskaltzaindia eta UZEI.

 

 

[Artxiboko argazkia] Jon Etxabe eta Andres Urrutia, UZEIren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta UZEIko lehendakari Jon Etxabek sinatu dute bi erakundeen arteko hitzarmen berria. Orain arteko lankidetza sendotu eta zabaltzen duen hitzarmena telematikoki sinatu dute, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak direla eta.

Bi erakundeok harreman estua izan dute urte luzez, eta Euskaltzaindiaren erakunde atxikia da UZEI, Akademiaren Osoko bilkurak iaz hartutako erabakiaren ondorioz.

Elkarrekin izenpetutako azken lankidetza-hitzarmena 2013koa zen. Besteak beste, lexikografiaren arloan euskararen corpusa ikertzen, zabaltzen, eguneratzen, elikatzen eta euskararentzat berriagoak diren eremuetan (eremu digitalean) baliatzeko lanabesak sortzen aritu dira lankidetzan: XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa, Euskaltzaindiaren Hiztegia, Lexikoaren Behatokia eta Euskaltzaindiaren lanetarako ingurunean (Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Orotariko Euskal Hiztegia zuzentzeko eta eguneratzeko inguruneak).

Orain sinatu den hitzarmen berriak hiru arlo hauetan lankidetza areagotzea du helburu: batetik, abian diren ikerketetan sakontzea eta ildo berriak irekitzea, bestetik, ezagutzaren transferentzia, eta, azkenik, egitasmo eta aplikazio berriak abian jartzea, bereziki, eremu digitalean.

 

Sare sozialetan ere lankidetzan

Elkarrekin landutako mezuak edo pilulak ere sare sozialetan jartzen hasiko dira Euskaltzaindia eta UZEI, euskararen erabilerari buruzko ohiko zalantzak argitzeko hiztunen eskura jarritako baliabideak ezagutarazteko. Euskara Batuaren Eskuliburua, Jagonet zerbitzuko galde-erantzunak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, eta arauak izango dira mezu horien oinarri nagusiak.

Koronabirusaren oinarrizko lexikoa ere plazaratu berri dute bi erakundeok, egunotan hizpide nagusia bihurtu den gaitzaren inguruko hitz eta termino oinarrizkoenak biltzen dituena. Lexikoa Euskaltzaindiaren eta UZEIren webguneetan dago eskuragarri.